viernes, 6 de abril de 2012

Anjel Lertxundi

Binomio fantastikoa

Hartu errealitateko gauza guztiz naturalen bat, demagun katua, hartu errealitateko beste gauza guztiz naturalen bat, demagun botak. Uztar ditzagun biak: botadun katua ateratzen zaigu. Gianni Rodarik binomio fantastikoa deitu zion bi gauza naturalekin zerbait harrigarria imajinatzeari. Mekanismo berarekin sortuak dira sirenak, lanpara miraritsuak, Mateo Txistu hegalaria…

Egunkariak errepasatzen hasi eta bi albiste hartu ditut hala menturaz, haien elkartzeak zer lekarkeen ikusteko. Albiste batek dio Bizkaiko Foru Aldundiak hamar milioi euro emango dizkiola Athletici datozen lau urteetan. Egunkari berean irakurri dut euskal antzerkiak ezin duela bururik jaso: programaziorik gabe, talde asko desegiten ari da urtetan eta neke handiz eraikitako oholtza, aktore jendeak ez du lanik…

Bi albisteok elkartu eta binomioari begira jarri naiz. Burura datozkidan adjektibo guztiak fantastikoa baino lazgarriagoak dira.

Anjel Lertxundi, Berria 2012ko apirilak 5